Arte Plastiko Ikusizkoak 2024/2025

Arte Plastiko-Ikusizkoena diziplina artistiko gisa egon daitekeen eremu zabal eta aberatsena izan daiteke, are gehiago horri azken hamarkadetako eta egungo ildo, joera eta era guztietako baliabide garaikideak kontuak hartzen baditugu. HAE-k oraindik gizartean oso errotuta dagoen ‘eskulan konfekzio arruntetatik’ haratago ikuspegi bat txertatzen joan nahi du, oinarrian jakin beharreko ‘ohiko’ teknikak ikuspegi berritzaile eta esperimentalagoekin harremanetan jarriz. Ikuspegi pedagogiko hau nabarmen hazten joango da adin-tarteetan aurrera egin ahala, baina edonola ere beti egongo da joera klasikoetan sakontzen jarraitu nahi dutenentzako eskaintza pedagogikoa. Prozesu hau guztia berariaz indartuko da inguruko norbanako zein artista kolektibo, arte zentro eta ekimenekin zuzeneko harremana ezarriz eta hauek eskolara gonbidatuz edo berauetara irteerak burutuz.

HAM-an 6 eta 7 urterekin margogintzan, eskultura txikietan, argi-itzalen jolasetan, irudigintzan, hainbat materialen manipulazioan eta hainbat artista erreferenteren iruditeri eta lengoiekin aritu ostean 8-11 adin tartean teknika betiere sormenaren zerbitzura jarriko da ‘sormen proiektuak’ ikasgaiean hainbat modu eta lengoaia sormen-proiektuen bidez jorratuz. 12-17 adin tarteak aukeraketa xehago bat egiteko aukera izango du praktika tradizionalagoak landuko dituen ‘pintura-teknika mistoak-muralgintza’ ikasgaiaren bidez, berritzaileagotzat jo daitekeen ‘marrazketa-komikia-animazioa’ arloan edota esperimentalago eta zirraragarriagoa suerta daitekeen soinu eta irudi laborategi gisa jardun nahi duen ‘ikus-entzunezkoak: argazkiak eta bideoak’ ikasgaiarekin. 18 urtetik gorako hiritar orok ‘Ilustrazio-Komikia’ eta ‘Ikus-entzunezko’ 2 arloak eskuragai izango ditu Xenpelar Tailerretako eskaintzaren osagarri.

  • Pintura-Teknika mistoak-Muralgintza 12-17 urte:   Ikasleek margoralitza teknika ezberdinak ikasi eta frogatuko dituzte proiektu pertsonekin eta urtean formatu handiko proiektu kolektibo bat (murala) gauzatuko da.
  • Marrazketa-Komikia-Animazioa 12-17 urte: Ikasleek marrazketa landuz komiki proiektu pertsonal bat garatuko dute eta ikasturte amaieran animazioaren oinarriak landuko dira.
  • Ikus-entzunezkoak: argazkiak eta bideoa 12-17 urte: Kamararen bidez ikasleek argazkiak eta bideoak sortu eta hauek editatzeko teknologiak ikasiko dituzte, banakako zein taldeko proiektuak gauzatuz.
  • Ilustrazioa-komikia + 18 urte: Ilustrazioa hedabide tresna bat bezala ulertuz, eraginkortasunez eta originaltasunez komunikatzen trebatuko gara. Ikasleen ezagutza bisuala eta ikus-kultura zabaltzeko ekintza ezberdinak burutuko ditugu ( irteerak, ilustratzaile eta komikigile lanen analisiak ) eta, azkenik,  komiki proiektu pertsonal bat gauzatuko dugu  beharreko ezagutza teknikoa eta teknologikoak landuz.
  • Ikus-entzunezkoak: argazkiak eta bideoa +18 urte: Ikus-entzunezkoen adarrak gaur egungo gizartearekin lotura zuzena du, izan ere irudi, soinu eta bideoarekin lan egitea da bere helburua. Irudia, soinua eta bideoa modu analogiko zein digitalean lantzeko proiektuak proposatzen dira, eta hauek lantzeko beharrezkoak diren teknologiak ikasiko dira. Ariketa zein banako proiektuen bidez jakintza hauek barneratuko dira. Lehen hiruhilekoan argazkian, bigarrenean bideoan eta hirugarrenean proiektu pertsonalean zentratuko gara.
  • Ikusle Eskola +18 urte Api: Ikuslearen Eskola arte-erakusketak bisitatzean oinarritzen da, eta profil kritikoa sortzea du helburu. Hiruhileko bakoitzean 2 erakusketa bisitatuko dira eta tarteko saioetan kultura bisualaren, artearen historiaren eta artisten inguruko gakoak azalduko dira. Zer da artea? Nor da artista? Nola ulertu erakusketa bat eta artelanak? Erakusketa bat modu autonomoan bisitatzeko ezagutzak eskuratzea eta hura ulertzeko tresnak izatea da helburu nagusia.