Antzerkia 2024/2025

Antzerkiaren praktikak hainbat ezaugarri eta gaitasun barnebiltzen ditu. Gorputzetik aritzeak, hitzak baliatuz edo imintziotik gorputz-soilez, txotxongiloak edota objektuak manipulatuz adierazi nahi izateak, taldean besteekin batera arituz sortu eta erabakiak hartzeak, tranpaldoan, kalean edo bestelako espazioetan kokapenak zehaztu eta baliatzeak, atrezzo, jantzi, argi-diseinu zein hots osagarrien aukeraketak… bere horretan diziplinarteko espezialitate bat osatzen dute. Hauek guztiak batera sormenaren mesedetan jorratu beharrak oso testuinguru pedagogiko interesgarria eragiten dute norbere gorputz eta ahotsaz ahaldundu eta irudimena zentzurik zabalenean gauzatzeko.

8 urtetatik aurrera adin-tarte ezberdinetan asteroko ikasgai gisa Antzerkia burutzeko aukera dago. Ludikotasuna oinarri, kontsigna sortzaile probokatzaileak proposatuz eta taldearen nahiei kabida emanez askotariko antzerki ariketak gauzatzen dira, hauek guztiak egokieraren arabera emanaldi bat osatzearen mesedetan baliatu ahalko direlarik. Era berean HAE-ko beste diziplinekin ere sormen-proiektuetarako harreman eta lankidetza testuinguru pedagogikoak ezartzeko inertziak eratzen dira.

  • Antzerkia haurrak 1 eta 2 (8-9 / 10-11 urte): Antzerkia probatzeko eta ezagutzeko espazioa da. Gorputza eta gorputz-adierazpena lantzen dugu. Beroketa jolasak, antzerkiko ariketak eta emanaldiak egiten ditugu.
  • Antzerkia gazteak 1 eta 2 (12-14 / 15-17 urte): Antzerkia probatzeko eta ezagutzeko espazioa da. Gorputza eta gorputz-adierazpena lantzen dugu. Beroketa jolasak, antzerkiko ariketak eta emanaldiak egiten ditugu.
  • Antzerkia Hastapena (+18 urte): Antzerkia egin ez dutenentzat, antzerkian murgiltzeko aukera da. Gorputzetik egiten dugu lan, hitza eta testua ez dira hasiera batean garrantzitsuena izango. Beroketak, antzerki ariketak eta gutxinaka inprobisazio txikiak sortzen joaten gara taldean. Oholtza probatzeko gogoz bazaude, bi orduko saioak dira aste barruan. Eta emanaldi interesgarriren bat badago, txangoak ere egiten ditugu tarteka.
  • Antzerkia Laborategia (+18 urte): Antzerkian aritu direnentzako irakasgaia da. Piezak eta obrak taldean sortu eta eszenaratzen ditugu. Proiektuetan murgiltzen gara eta horiekin egiten dugu lan. Astean bi orduko saioak dira. Eta emanaldi interesgarriren bat badago, txangoak ere egiten ditugu tarteka.
  • Ikusle Eskola Antzerkia (+18 urte):   Egungo kultur egitarauetan dauden lanak ezagutu eta aztertu; lan horietan sakontzeko antzerki emanaldietara eta hitzaldietara joango gara.