Hitza 2024/2025

Hitzaren eremua ildo artistiko berezi eta bakana da, eta ez da era honetako egituraketa artistiko bat duen eskolarik ezagutzen. Batzuetan gizarteratzea kosta egiten den arren funtsean Hitza osagai artistiko gisa hartuta lehen unetik bide artistiko eta sortzaile bat egiteak ematen dituen aukera amaigabeetan murgiltzean datza. Hizkuntzaren zuzentasunetik haratago hitzarekin eta hizkuntza berarekin ohiko marko arruntetatik haratago irudimenaren, hitzen plastizidadearen, sorkuntza-jolasaren, idazketa tekniketan zein ahoz gora trebatuz, eta gorputzarekin batera ildo performatiboagoekin lardaskatuz mundu zabal batean aritzeko aukera aprobetxatzea da.

Horretarako guztirako didaktika anbiziotsu eta sortzaile batekin 8 urtetatik bertatik bideari hasiera emateko aukera dago ‘Liburuen mundua’ gisako ikasgaiekin, 12 urtetik aurrera ‘Idazketa sortzailea’, ‘Podcast’ edota ‘Rap-Spoken word’ gisako arloekin jarraitu daiteke eta 18 urtetik aurrera heldu gisa ‘Sormen-hitza’, ‘Irakurketa literariora’, ‘Podcast’ edota ‘Gidoigintza’ bezalako eskaintzarekin hitzaren aldaera oso ezberdinetan aritu daiteke.

Diziplina ezezagun izate horretan norberak bizitzan behin bederen aukera eman behar liokeen eremu oso emankor eta inspiragarria da, deskubrimendu handi bat burutu eta hitzarekin beste era batera harremantzeko modu zinez interesgarria.

  • Liburuen mundua I eta II (8-9 / 10-11 urte):  Jolasen eta irudimena lantzeko ariketen bitartez haurrak literaturaren artera, idazketa sortzailera eta irakurketara hurbiltzea.
  • Idazketa sortzailea (12-17 urte):  Diziplinartekotasunetik eta nork bere interesetatik abiatuta, gazteentzat sorkuntza lanak, irudimena eta testuak elkarbanatzeko espazio bat da.
  • Podcast (12-17 urte):  Lokuzioa, gidoigintza, edizioa ikasi, podcast motak ezagutu eta nolanahiko sorkuntza proiektuak biltzen dira proposamen sonoro honetan.
  • Rap-spoken word (12-17 urte):  Erritmoa eta errimak. Kantuen letrak, poesia eta rapa ez daude horren urruti eta haiek ahotsgoratzeko saioa.
  • Sormen-hitza (+18 urte):Irudimena landu, ahots propioa bilatu  eta hizkuntzaren trebetasun artistikoa garatzen da. Eta nahi bada, sorkuntza lanak elkarbanatzeko espazio bat da.
  • Irakurketa Literarioa (+18 urte): Literaturaz gozatzeko espazio bat izango da. Irakurketa ohikoaz gain, irakurketa lantzea, lerro artean irakurtzen ikastea, irakurgai berriak ezagutzea… izango da helburua.
  • Podcast (+18 urte): Lokuzioa, gidoigintza, edizioa, kazetaritza eta nolanahiko sorkuntza biltzen dira proposamen sonoro honetan. Norberak podkastak garatzeko eta praktikatzeko gunea da hau.
  • Gidoigintza (+18 urte): Antzerki eta ikus-entzunezko gidoiak egiteko irakasgaia da. Gako teknikoak, gidoien analisia, haiek sortzeko trebetasuna eta irudimena lantzen dira bertan.
  • Ikusle Eskola Hitza (+18 urte): Hitzarengan fokoa jarri eta gaur egungo kultur egitarauetan dauden lanak ezagutu eta aztertuko ditugu. Gainera, lan horietan sakontzeko hitzaldietara, museoetara eta ikuskizunetara joateko egitaraua osatuko dugu. Hitza eta literatura generoekin zer ikusia duten arteak barrutik ezagutzeko aukera.