23/24 Berrikuntzak!

Herri Arte Eskola bi ikasturte betetzear da eskolaren norabide berri esanguratsua martxan jartzeari ekin zionetik eta hirugarrenera begira bete-betean dago. Bitarte honetan guztian 8 urtetik aurrera 5 arte diziplinetan aritzeko aukera zabaldu da (Musika, Dantza, Antzerkia, Arte Plastiko-Ikusizkoak eta Hitza), dantza espezialitate, ikasgai eta instrumentu berriak ere ireki dira, eta 4-7 urtekoentzako Hastapen Artistiko Multidiziplinarra ere abiarazi da.

23/24 ikasturterako hainbat berritasun interesgarri ere martxan jarriko dira. Eskaintza berri oparoena Arte Plastiko-Ikusizkoetan irekiko da 8-12 urte artekoentzako ‘Sormen proiektuak I eta II’-z gain, 12-14 urte bitartekoentzat ‘Marrazketa-Komikia-Animazioa’ eta ‘Argazki eta Soinu Laborategia’ ikasgaiak, 15-17 urtekoentzako ‘Ilustrazio esperimentala-Autoedizioa-Fanzinea’ eta ‘Bideoartea eta Soinu-instalazioak’ ikasgaiak eta 12-17 adin tarterako ‘Pintura-Teknika Mistoak-Muralgintza’ ikasgaia eskainiz. Musikaren alorrean ‘Alboka-Txistu-Dultzaina 3×1!’ instrumentuak saio berean talde txikietan ikasten hasteko aukera egongo da 8 urtetik aurrera (helduak barne) 3 instrumentu hauek deskubritzeari ekin nahi dietenentzat, 12-18 urte bitartekoek ‘Musikal’ batean parte-hartzeko aukera izango dute ahotsa, gorputz adierazpena, irudimena eta eszenaratzea landuz, eta lehen aldiz jazz eta inprobisazioak ere hezkuntza proiektuan kabida izan dezaten ‘Big-band’ bat eratu nahi da. Antzerkian adinaren araberako taldeak eratuko orain arte bezala 8-17 urte bitarteko ikasleentzat sormenean, talde elkarrekintzan, ahots zein gorputzarekin ahaldundu daitezen eta helduetan ‘Hastapen’ eta ‘Laborategia’ taldeak bideratuko dira helburu nagusi berberekin. Dantzaren eremuan 5 espezialitatek zabalik jarraitzen dute ‘Klakea’, ‘Balleta’, ‘Garaikidea’, ‘Euskal-dantza’ eta ‘Urbanoa’ ikasgai daudelarik. 12-18 urte bitartekoek gainera euren hautu nagusia osatu eta indartzeari begira beste dantza espezialitate bateko 30 minutuko ‘osagarri’ gisako bat ere ikasiko dute. Gure ingurunean aurrekaririk ez duen Hitzaren ildoan hitzarekin irudimenez jolasten hasteko 8-12 urte bitartekoek ‘Liburuen mundua I eta II’ burutu ahalko dute, 12 eta 17 bitartekoek ‘Idazketa sortzailea I eta II’ eta 18 urtetik gorakoek ‘Sormena eta Hitza’.

 Honetaz guztiaz gain 18 urtetik gorako pertsona ororentzat arte diziplinetako bakoitzean ‘Ikusle Eskola’-ren aldeko apustu estrategikoa egin nahi du Herri Arte Eskolak. Ikasgai ezberdinetatik ikasturtean zehar ikasle gazteekin irteera eta mediazio ekintzak burutzen diren arren, ikusle soslaia egiturazkoagoa bilakatzeko ikasgai gisa artikulatu nahi da, emanaldi, erakusketa, kontzertu… etab.etara bertaratzea aurre-ezagutza ahalik eta handienak eskuratzearen garrantzia azpimarratu eta arteaz hobe eta gehiago gozatzeko ahalik eta gako gehienak eskainiz. Hiruhilero bi irteera egingo dira (urtean 6 beraz) gutxi gora-beherako egitura honekin: 4 saio generoa, artistak/konpainia/taldea, antzokia/aretoa, egileak, obrak, askotariko ezaugarrietara hurbiltzeko… irteera egingo den saioa eta itxierako saioa. Ondoren irteera berri bati begira jarriko da prozesu berri bati ekinez.

Comments are closed.